Vitoria International Airport Promotion Agency-ek (VIAk) Europan egindako produktu galkorren logistikari eta garraioari buruzko nazioarteko lehen biltzarra antolatu zuen. Biltzarra uztaileko 1ean eta 2an zehar egin zen Gasteizko Europa Biltzar-Etxean.

VIAk proiektu horretan parte hartzeko bi motibazio izan zituen: alde batetik, Gasteizko aireportutik pasatzen den produktu galkor kopuru handia eta, bestetik, VIAren eskarmentua eta salgai horien harrera- eta manipulazio-operazioen kalitate handia. VIAk Robert Arendal Associates enpresaren laguntza jaso zuen.

Halaber, instituzio hurbilenek, hots, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberak, euren laguntza osoa eman zuten nazioarteko biltzar hori antolatzeko.

Esperientzia oso positiboa izan da.

VIAk biltzar hori bultzatu zuen xede batekin: kate logistikoan parte hartzen duten estatuko eta nazioarteko operadoreak biltzea (fruta- eta barazki-ekoizleetatik edota arrain-esportatzaileetatik hasita eta azalera handietara heldu arte, operadore logistikoak, garraio-enpresak eta airelineak barne hartuta) zabaltzeko aukera duen sektore horren arazoei eta irtenbideei buruz elkarrekin hitz egiteko asmoz.

Jorratutako gaiak oso interesgarriak izan ziren, eta txostengileen maila oso altua izan zen. Biltzarrean parte hartu zuten, besteak beste, ondorengo txostengileek: Ram Menen jaunak, Emirates Airlines airelineako karga-zuzendariak, Ekialde Ertainetik hegazkinez etorritako loreek jaso beharreko tratamenduari buruz hitz egin zuenak; André Bolland jaunak, Envirotainer enpresako presidenteak, tenperatura kontrolatzeko irtenbide globalak proposatu zituenak; eta Pedro Aguirre jaunak, Decoexsa enpresako presidenteordeak, arrain freskoa eguneko platerean jan ahal izateko hartu beharreko neurriak azaldu zituenak.

Orain arte, nazioarteko beste biltzarretan, produktu horiek karga orokorrak hartzen zituen barne. Baina biltzarrean agerian geratu zen bezala, produktu galkorren garraioak ezaugarri bereziak ditu eta, beraz, tratamendu berezia jaso behar du.

Produktu horien manipulazioak oso arduratsua izan behar du eta zorroztasun handiz zaindu behar da hotz-katea etengabe mantentzen dela eta salgaiek osasun-baldintzak betetzen dituztela bermatu ahal izateko. Izan ere, Europako herrialdeek inportazioak egiterakoan aplikatzen dituzten osasun-irizpideen homogeneotasunik eza izan zen biltzarrera bertaratutakoek arreta handiz eztabaidatu zuten gaietariko bat.

Merkatuaren urteroko hazkunde aurreikuspenek ere (%10 ingurukoak) interes handia sorrarazi zuten. Besteak beste, hurrengo faktoreak izan du eragina datu horretan: Espainiak kontsumitzen duen produktu fresko kopuru handia, batez ere Europako iparraldean zabaltzen ari den dieta mediterraneoa dela medio.

Interes handia sorrarazi zuen beste gai bat izan zen banaketa?kanal osagarrietan teknologia berriek duten eragina. Jiménez andreak, Agromare enpresako zuzendari komertzialak, aurkeztutako alegiazko lonjak eta AZTIko teknologia saileko González jaunak azaldutako trazabilitatea izan ziren gai nagusiak.

Biltzarrera bertaratutako guztien asmoz, atalik "erabilgarriena" txostengileen eta ordezkarien arteko mahai?ingurua izan zen. Bertan, partehartzaileek kasu praktikoak azaldu zituzten eta egunero sortzen diren arazoentzako irtenbide posibleak proposatu zituzten. Halaber, ondorioetan, produktu galkorren garraioaren gaur egungo eta etorkizuneko egoeraren baterako azterketa egin zuten.

Amaiera gisa, biltzarrera bertaratutakoek frogatu ahal izan zuten Gasteizko Aireportuaren lanaren profesionaltasuna eta eraginkortasuna. Izan ere, 110 tonelada arrain eta lore exotiko eta hainbat zaldi garraiatzen zituen Cargolux-en Boeing 747-400 baten hustuketa eta manipulazioa ikusi ahal izan zuten.

Biltzarrera bertaratutako guztiek adierazi zuten beharrezkoa dela Fresh Opportunities ekimenarekin jarraitzea, merkatu-nitxo honi buruzko berariazko foro bat baita. Gainera, biltzarraren ondorioek agerian utzi zuten sektoreak jarraitu beharreko estrategiak eta norabidea zehaztu gabe daudela.

VIA, Promoción del Aeropuerto de Vitoria S.A.
info@via.com.es Cámara de Comercio e Industria de Alava
Dato, 38 . 01005 Vitoria-Gasteiz
Tel: 34 945 141800
Fax: 34 945 143156
Aurkezpena
Programa
Txostenak

Bertaratutakoak eta txostengileak

Babesleak eta laguntzaileak
Prentsa-dosierra
Argazkiak

Fresh Opp. buruzko berriak