II FRESH OPPORTUNITIES biltzarra VIAk (Promoción del Aeropuerto de Vitoria) antolatu zuen Miamiko Nazioarteko Aireportuaren (MIAren) babesarekin. Biltzar horrek produktu galkorren negozioaren liderrak bildu zituen merkatu berrietara heltzeko, logistika optimizatzeko eta Estatu Batuetako gobernuaren arau berriak betetzeko estrategiak aztertzeko xedearekin. Biltzar horretan 150 ordezkarik baino gehiagok hartu zuten parte, batez ere Latinoamerikakoak eta Estatu Batuetakoak, baina baita Europakoak, Asiakoak eta Ekialde Ertainekoak ere. Biltzarrean, 40 txostengilek eta moderatzailek gai ugari eta askotarikoak jorratu zituzten.

Biltzarra hasteko, presidenteak, Bill Spohrer-ek, Jesús Mª de Lapatza Urbiola, VIAko (Promoción del Aeropuerto de Vitoria) presidentea, aurkeztu zuen. Lapatzak bertaratutako guztiei ongietorria egin zien eta Jorge Arrizurrieta, Florida Foreign Trade Area Association elkarteko zuzendari exekutiboa, aurkeztu zuen. Azken horrek biltzarraren aurkezpen laburra egin zuen.

Manuel Aragón-ek, Teqflor enpresako presidenteak, saioaren hasieran esan zuen "ondasun galkor nagusia denbora dela", eta gero eta denboraren eragina jasaten duten "produktu galkor berri" gehiago daudela, hala nola jostailuak eta zuntzak. Gert-Jan Jansen-ek, YDL Management Consultants enpresako bazkide batek, Latinoamerikako erronka handienetako bati buruz hitz egin zuen, hots, Afrikako, Pakistango edota Indiako konkurrentziari buruz. Latinoamerikako herrialdeek gehien esportatzen dituzten produktuak honako hauek dira: haragia (Argentina), legatza (Txile), krabelinak (Kolonbia), arrosak (Ekuador), zainzuriak (Peru) eta guaiabak eta mangoak (Brasil). Gainera, Michelle Kung-en (Taiwango Merkataritza Bulegoko zuzendaria) arabera, produktu galkorrak kontsumitzen dituzten merkatu potentzialen kopurua handitzen ari da. Adibidez, Taiwanek 23 milioi biztanle ditu eta urtero 7,1 bilioi dolar gastatzen ditu produktu galkorren inportazioan. Bestalde, Kirk Kobayashi-k, Japoniako Kanpo-Merkataritzako Erakundeko ordezkariak, adierazi zuen erakunde horrek inportazioa bultzatzen duela, bi norabideko inbertsioa baita. Japonian urtero 46 bilioi dolar gastatzen dira elikagaien inportazioan, %34 Ipar Amerikatik datorrelarik eta %7 besterik ez Latinoamerikatik. Bunny Schreiber-ek (Miamiko Nazioarteko Aireportuko marketin-aditua) adierazi zuen Estatu Batuetara doazen loreen %85 Miamira heltzen direla, bai eta arrainaren %65 eta frutaren %42 ere. Miami hobetze-plan batean murgilduta dago orain. Horri esker, 300.000m2 inguru gehiago erabili ahal izango dira produktu galkorrak manipulatzeko. Halaber, Miamiko Aireportuak mintegi ibiltari sail bat zuzentzen du. Mintegi horien xedea da ekoizleei euren karga nola prestatu behar duten eta Estatu Batuetara eta Europara nola merkaturatu behar duten irakastea. Logistikari buruzko eztabaidaren barruan, José María Navajas-ek, Decoexsa Vitoria enpresako zuzendari kudeatzaileak, azaldu zuen Decoexsak Gasteizko Aireportuan duen terminala Europako bigarren handiena dela. Halaber, entzuleak harriturik utzi zituen esan zuenean "horrek ahalbidetzen duela manutentzioa oso denbora laburrean egitea, hots, 2 edo 3 ordutan salgaiak hegazkinez heltzen direnetik Europako merkatuetara kamioiez edo trenez abiatzen diren arte".

Ordezkariek Estatu Batuetako FDAk (Food and Drug Administration erakundea) 2002ko bioterrorismoari buruzko legearen ondorioz ezarritako arau berrien inguruko kezkak aditzera eman zituzten. Arau berri horiek Michael Wright-ek (portu agintaritzako zuzendaria), Jeffrey O. Baldwin-ek (Miamiko aduana saileko zuzendaria) eta John Sandlers-ek (Estatu Batuetako FDAko inportazio-programaren zuzendaria) azaldu zituzten. Arau horietako baten arabera, Ipar Amerikako elikagai-inportatzaile guztiek salgaiak heldu baino egun bat lehenago salgai horiek helduko diren berri eman behar diete agintariei. Beste arau batek Estatu Batuetan giza- edota animali-kontsumorako elikagaiak fabrikatzen, prozesatzen, ontziratzen edota biltegiratzen dituzten estatuko eta nazioarteko enpresei eskatzen die FDAn izena eman dezaten 2003ko abenduaren 12a baino lehen. Lauren Pérez-ek (Sandler, Travis & Rosenberg) azpimarratu zuen produktu galkorren merkataritza lehiakor baina errentagarrian jarraitu nahi duten enpresentzat arau horiek betetzea oso garrantzitsua dela. Beste alde batetik, Eric Andrews-ek (Martin Aviation Group) arau berrien inguruan dituen kezkak jakinarazi zituen. Andrews-en kalkuluen arabera, prozesu berri horiek kostuak %100 eta %200 bitartean handituko lituzkete, aldi berean kontsumoa murriztuko litzatekeelarik. Bere ustez, hezkuntzak zeregin garrantzitsua du, alderdi guztiek arau berri horiei buruzko informazioa jaso behar baitute.

Ricardo González-ek, VIA Promoción del Aeropuerto de Vitoria enpresako zuzendariak (VIA TIACAren 2004ko Air Cargo Forum-aren egoitza izango da), II Fresh Opportunities biltzarra amaitu zuen bertaratutako, txostengile eta antolatzaile guztiei eskerrak emanez. Halaber, biltzarra aire-garraioaren sektorean izaten ari den arrakastaz eta oihartzunaz asko pozten dela adierazi zuen. González-ek esan zuen, gainera, biltzarraren ondoren galdera berriak sortuak zirela, eta galdera horiek III Fresh Opportunities biltzarrean eztabaidatu ahal izango direla.

VIA, Promoción del Aeropuerto de Vitoria S.A.
info@via.com.es Cámara de Comercio e Industria de Alava
Dato, 38 . 01005 Vitoria-Gasteiz
Tel: 34 945 141800
Fax: 34 945 143156
Aurkezpena
Programa
Txostenak

Bertaratutakoak eta txostengileak

Babesleak eta laguntzaileak
Prentsa-dosierra
Argazkiak

Fresh Opp. buruzko berriak